Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak prestaturiko bigarren hiztegia aurrekoaren jarraipena da eta gaurtik, abenduaren 16tik, aurrera lehenengo hitzak ikasten hasiko dira ikasleak. Honetan ere, agurrak, zenbakiak, ostalaritzan erabiltzen diren esamoldeak eta galdera-erantzunak ( egun ona izan, zenbat zarete?, kobratuko didazu mesedez? eta abar) jasotzen dira, besteak beste. Bigarren fase honetan, Parte Zaharreko 42 establezimenduk hartuko dute parte eta, aurrekoan bezala, ikasle bakoitzaren jarraipena egingo da.
“Erraza da” ekimenari esker, lehen hitza sustatu eta euskararen erabilera areagotu egiten da. Argi dago bezeroa agurtzea Kaixo! edo Zer hartu nahi duzu? esanez, laguntzen duela euskara gehiago erabiltzen. Hori horrela, eta egitasmoak parte hartzaileen artean izan duen harrera ona ikusita, 200 hitz / esamolde dituen beste hiztegi bat egin du Udaleko Euskara Zerbitzuak.
Egitasmo pilotuaren bigarren zatia izanik, bigarren hiztegia jasotzeko ezinbestekoa izango da aurreko hiztegia jaso eta egitasmoan parte hartu izana. Halaber, hamabostean behin, parte-hartzaileek galdetegi bat jasoko dute posta elektronikoz eta aurreko 15 egunetan ikasitako hitz eta esamoldeen inguruko galdera batzuk erantzun beharko dituzte. Oso erraz eta azkar erantzutekoak izango dira eta, ekimena otsailean bukatutakoan, “Erraza da” egitasmoan parte hartu duten idazki bat lortuko dute.